Dabilen auzo baten hiru perla

Aspaldi honetan baliatu izan dugu esparru hau Alde Zaharraren inguruko gure kezkak plazaratzeko eta auzuneko biztanleok egunero pairatzen dugun politikarien zein erakundeen arduragabekeria salatzeko. Baina oraingo honetan merezitako tarte bat eskainiko diogu gure auzoak dituen alde onen gorazarre egiteari. Oztopoak oztopo, Alde Zaharrean bizi garenok harro gaude gure auzoaz eta askok beste inon baino hemen bizitzeko hautu konszientea egin dugu. Eta hori horrela bada, ez da, hain zuzen ere, erakundeek auzuneko eta auzotarron bizibaldintzak hobetzeko ahalegin berezirik egin dutelako. Gure auzoan, historikoki, Udalaren utzikeriari irudimenaz, autoantolakuntzaz eta elkartasunez egin zaio aurre. Auzuneko karriketan tradizio handia izan da beti auzo antolakuntzan, gizarte mugimenduan, eta jarduera politikoan, eta horrexek, hain zuzen, erakargarria egiten du auzoa hamaika gizarte eragilek, elkartek eta mugimenduk hemengo kaleetan babeslekua bila dezaten. Testu inguru horretan, azken hamarkadetan makina bat ekimen solidario, asanbleario eta autogestionatu sortu dira Alde Zaharrean, eta gaur egun arte dirauten horietako hiruei merezitako errekonozimendua egitera dedikatuko ditugu lerro hauek.

Hala Bedi irratiak 30. urteurrena ospatzen du aurten. 1983an sortu zuten Euskal Herriko hedabide alternatiboetako aintzindaria den irrati librea, eta bere jaiotzetik egunera arte ertsiki lotuta egon da Alde Zaharreko eguneroko bizimoduari; ez bakarrik bertan izan duelako beti egoitza, baita auzoan sortutako ekimenen bozgorailua izan delako ere. Hiru hamarkada hauetan irratia konzientzien akuilua izateaz gain, auzo mugimenduko tresna erakinkorra ere bilakatu da. Ospatzekoa da, beraz, traba instituzionalak tarteko, eta gaur egun ere oraindik alegaltasunaren eremu labankorrean diharduen badu ere, inoiz baino indartsuago dabilela eta oraindik ere topera dabilela aire fresko bolada bat ekartzen uhin hertzianoetara.

Gaztetxeak ere 25 urte egiten ditu aurten Gasteiz zaharreko talaian tinko. Mende laurden honetan auzoko zein hiri osoko topagunea izan da, hamaika ekimen solidario ernatu dira bertan, eta belaunaldiz belaunaldi bizitzaren eskola ere izan da bertan pasatu garen askorentzat. Gaztetxea eta auzoa elkarringandik elikatu egin dira, eta gaur egun kontzertu areto, taberna edo bilera gune baino askoz gehiago da, Alde Zaharreko eta, oro har, Gasteiz osoko ikur bat.

Baina gure auzunean disidentziarako eta elkartasunerako ezezik festarako espazioa ere bada; hori bai, beti ere, gure gisara antolatutako festarako. Bost urte dira jadanik auzotar asanblada bat Zaharraz Harro jaiak antolatzen hasi zela. Auzokoek auzolanean sortutako jai egitaraua dugu hau, gure auzoa behin eta berriz aintzat hartzen ez duten erakundeen diru laguntzarik eta esku hartzerik gabea, biztanleen lan bolondresari esker antolatua. Eta azken bost urte hauetako jaietako arrakastak iradokitzen du deialdi honek ere korda luzea ekarriko duela.

Garaian garaiko hiru esperientzia hauek, beraz, erakusten dute auzo hau bizirik dagoela; Alde Zaharreko auzotarrek, historian zehar eta etenik gabe, jakin izan dutela irudimenez eta elkarlanez askatasun guneak sortzen, erakundeetako utzikeriaren eta inposaketaren gainean jakin izan dute auzolanean euren beharrei aurre egiten. Hauek bezalako ekimenengatik harro gaude Alde Zaharrekoak izateaz. Zorionak hiruroi eta urte askotarako!

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s